Mateo 1

1Abrahamen eta Daviden ondorengo den Jesus Mesiasen arbasoen zerrenda : 2Abrahamek Isaak sortu zuen; Isaakek Jakob; Jakobek Juda eta honen anaiak; 3Judak Fares eta Zara, Tamarrengandik; Faresek Esrom; Esromek Aram; 4Aramek Aminadab; Aminadabek Naason; Naasonek Salmon; 5Salmonek Booz, Rahabengandik; Boozek Obed, Rutengandik; Obedek Jese, 6eta Jesek David erregea. Davidek Salomon sortu zuen, Uriasen emazte izanarengandik; 7Salomonek Roboam; Roboamek Abia; Abiak Asaf; 8Asafek Josafat; Josafatek Joram; Joramek Ozias; 9Oziasek Joatam; Joatamek Akaz; Akazek Ezekias; 10Ezekiasek Manases; Manasesek Amon; Amonek Josias, 11eta Josiasek Jekonias eta honen anaiak, israeldarrak Babiloniara erbesteratu zituzten garaian. 12Babiloniako erbestealdiaren ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu zuen; Salatielek Zorobabel; 13Zorobabelek Abiud; Abiudek Eliakim; Eliakimek Azor; 14Azorrek Sadok; Sadokek Akim; Akimek Eliud; 15Eliudek Eleazar; Eleazarrek Matan; Matanek Jakob, 16eta Jakobek Jose, Mariaren senarra; eta Mariagandik jaio zen Jesus, Mesias deritzana. 17Hona, beraz, zenbat gizaldi guztira: Abrahamengandik Davidengana hamalau; Davidengandik Babiloniako erbestealdira beste hamalau, eta Babiloniako erbestealditik Mesiasengana beste hamalau. 18Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen; eta, elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. 19Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zen; ez zuen hura salatu nahi, eta isilean uztea erabaki zuen. 20Asmo horrekin zebilela, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengoa, ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuarengandik baitator. 21Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik». 22Hau guztia, Jaunak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen: 23Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta Emmanuel jarriko dio izena (Emmanuel izenak «Jainkoa gurekin» esan nahi du). 24Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin zuen Josek, eta Maria emaztetzat hartu zuen. 25Eta ez zuten ezkontza-harremanik izan, Mariak semea izan zuen arte, eta Josek Jesus izena ipini zion.


Copyrighted Material
Learn More

will be added

X\